ELA,
UGT,
CCOO eta
LAB sindikatuek Bizkaiko merkataritza osoan greba iragarri dute hurrengo hilabeteetarako. Elikagai, ehun, metal, zapata, merkataritza orokorra eta altzari merkataritzako hiru lanuzteak abendua eta urtarrila artean izango dira. Bihar, berriz, mobilizazioa egingo dute eguerdiko hamabietatik ordu bietara Bilboko Kale Nagusian. LAB sindikatuko ordezkariek jakinarazi dutenez, CEBEK Bizkaiko merkataritzako patronalarekin ia bi urtez negoziatzen jardun eta gero, "lau sindikatuok bat gatoz bere azken eskaintza iraingarritzat jotzerako orduan". CEBEK eta CECOBI patronalen asmoa argia dela uste dute sindikatuek: "merkataritzako langileak hitzarmen probintzialek ezertarako ez dutela balio ondorioztatzera iritsi arte negoziazioak luzatzea". Hitzarmenak berandu sinatzera heldu nahi dutela salatu dute langileen ordezkariek, "estatu mailako hitzarmenetan gertatzen den bezala". Argazkian, denda bat itxita aurreko greba batean.