Bi urteko espetxe zigorra eskatu dute Barrikako EAJko presidente ohiarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 12a, 08:46
Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak bina urteko espetxe zigorra eskatu du Barrikako EAJko presidentea zen Jon Larrazabal eraikitzailearentzat eta Alexander Albizu enpresariarentzat, Muriola inguruan, Barrikabasotik gertu, orain urteak egindako isurketak direla eta. Horretaz gain, 5.400 euroko isuna eta bi urteko inhabilitazioa (euren ogibidean) eskatu dute bakoitzarentzat, Txipio Bai talde ekologistak atzo zabaldu zuenez. Naturalistek duela lau urte eta erdi aurkeztu zuen Larrazabalen kontrako salaketa, "delitu ekologikoa, influentzia-trafikoa eta prebarikazioa" egotzita. Excavaciones Baranda SA, lurrak mugitu zituen enpresaren arduraduna da bigarren inputatua, 2009ko ekainean kasua artxibatzeko eskatu zuena. Argazkian, Iñaki Ortigosa Txipio Baiko presidentea.
Txipio Baik azaldutakoaren arabera, 2002ko bukaeran, "mahastiak landatu ahal izateko", 8.000 metro koadro baino gehiagoko lur eremua "egokitzeko" lizentzia eskatu zion Udalari Larrazabalek. "Bi urte geroago eskaera aldatu zuen horrek, 70.000 metro kubiko lur botatzeko bertan. Gainera, lortutako lizentzia Excavaciones Baranda SA enpresari ematea eskatu zuen", aipatu zuen salaketan elkarte naturalistak. Ekologisten arabera, Barrika, Barrikabaso, Artepeta eta hondeaketa lanak egiten zebiltzan beste eremuetatik ateratako hondakinak ziren horiek. Aipatu guneetako obren "kontratista zen Jon Larrazabal", Txipio Baik salatu zuenez. Baita "lur horiek kutsatuta egon zitezkeela" ere. Ildo horretatik, "proiektua bi azaletan banakatzea" egotzi zion Larrazabali epaileak, "Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean baimena eskatu beharra saihestu eta Udalan bakarrik eskatu behar izateko".

Balio natural handiko gunea

Lakuako exekutiboak 2005ean esku hartu zuen auzian, hainbat txosten plazaratuz. Horrela zioen Biodibertsitate Zuzendaritzak egindakoa: “Proiektuaren zati bat interes geologikoko puntu batean kokatzen da, EAEko Garrantzizko Espazio Naturalen Katalogo Irekian jasotako interes naturalistikoko gune baten barruan. Gune horrek 'Galea lurmuturra-Barrika itsasertzaren zatia' du izena eta gure itsasertzeko 'hondartza eseki' bakanetako bat da. Hori dela eta, interes geologikoko puntu horretan eragitea ekidin beharko da. Proiektuak zuhaixka- eta zuhaitz-formako landaredi autoktonoa duen erreten txiki batean du eragina, eta hori 'baso-igel iberiarra' espeziea (Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan interes berezikotzat jotakoa) hartzeko habitat potentzial gisa definitu da. Hori dela eta, azterketa egin beharko da proiektuaren eremuan espezie hori egiaz badagoen edo ez zehazteko eta, baiezkoa edo/eta bada, neurri alternatiboen azterlana zuzentzaileen proposamena egiteko”.

Txipio Baik salaketa aurkezteko orduan adierazi zuenez, Jaurlaritzaren "eskakizunak ez betetzeaz" gain, "uraren ibilgua oztopatuz, errekatxoak hornitzen zuen urmaela ia desagertzea eragin" zuten lur-betetze lanen arduradunek; baita Muriola harrobiko ekologia-balio handiko hondartza fosila "guztiz hondatu" ere. Bestalde, Barrikako Udalak emandako baimena "legeria urratu" zuela argudiatu zuen talde ekologistak, "ez zelako Udalarena baimen emateko eskumena, Eusko Jaurlaritzarena baizik". "Horretaz gain, abeltzaintza erabilerarako izendatutako eremua lurrez betetzea galarazten dute arau subsidiarioek", gaineratu zutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun