Getxoko Auzokideok auzo elkarte eta herritar taldeen plataformak getxoztar guztiak deitu ditu bihar, larunbata, egingo duten kontzentrazioan parte hartzera. Hitzordua 11:00etan jarri dute Areetako Xake plazan (arkupean euria badago).
Ekainaren 18an egin bezala, Auzokideok osatzen duten elkarteetako kideak izango dira bertan. Egun horretan, Getxo udalerriko auzo desberdinetan ematen ari diren aldarrikapenei buruzko erakusketa paratu zuten Algortako Telletxe plazan. Besteak beste, Andra Mari Auzo Elkarteak Ibarbengoako geltoki berriaren eraikuntzak sortu dituen kalteak erakutsi zituen, Antena Ez elkarteak kutsadura elektromagnetikoari buruzko azalpenak eta Getxon dauden antena batzuen irudiak zabaldu zituen; eta Getxon Bizi Auzo Elkarteak duela hamabost egun Telletxen bertan egondako Begoña Gazteluko galeriei buruzko erakusketa berriro jarri zuen ikusgai. Horiez gain, sortu berri den Aldapan Bizi, Getxo Antzokia hain handia egitearekin ados ez dagoen San Nikolas auzo elkartea eta uholdeek kaltetutako Neguri Langile eta Salsidu-Zubilleta auzokideen elkarteak bertan izan ziren.