Bigarren egunean berriz, aurrera begira jarri eta norabidearen inguruko hausnarketak hartuko du lekukoa. Komunikazioaren inguruan, aktibismoaren inguruan eta arnasgune euskaldunen inguruan arituko dira hizlariak. Kontseiluko kide eta berau osatzen duten ordezkariekin batera, hainbat lagun gonbidatu ditu Kontseiluak; besteak beste, Zesar Martinez EHUko irakasleak aldaketa sozialaren inguruan hartuko du hitza. Kontseiluko komunikazioburua izan zen Innobasque-ko Pilar Kaltzadak, komunikazio estrategien inguruko hitzaldia emango du. Bestetik, Marti Gasull, Plataforma per la llengua-ko kideak hizkuntzaren aktibismoaren inguruan hitz egingo du.
"Jardunaldien leloak euskararen unibertsoari erreferentzia egitea ez da kasualitatea", antolatzaileek adierazi dutenez. Kontseiluaren sorrerak berak, "Euskararen unibertsoa" izeneko jardunaldiak izan zituen abiapuntu. Orduko hartan, euskalgintzan aritzen ziren lagunek kezka handia zuten euskararen normalizazioaren inguruan eta euskalgintza bera egituratzearen beharraren inguruan. Jardunaldi haien ondorioz sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, 1998. urtean.
Bestetik, "planetariumean egitea ere ez da kasualitatea izan". Izan ere, euskararen unibertso osoari begira jartzeko asmoa du Kontseiluak eta "horretarako ez dago planetarium bat baino leku aproposagorik". Bestetik, "pauso bat harago" leloa erabili du Kontseiluak eta orain ere horri egin dio erreferentzia. Izan ere, Kontseiluaren ustez, "euskararen normalizazioan urte hauetan guztietan lan handia egin da. Hala ere, beste urrats bat egiteko beharra badago; pauso bat harago emateko, hain zuzen ere".
Izen-ematea
Jardunaldietara euskalgintzan lanean ari diren lagunak gonbidatu nahi ditu bereziki Kontseiluak. Izena emateko bi bide izango dira: Kontseiluaren webgunean jarritako formularioa eta honako telefono zenbakia: 943 591 200. Izena emateko epea azaroaren 19ra bitarte egongo da zabalik.
Bestalde, teknologia berriei esker, nahi duenak zuzeneko emisioa jarraitzeko aukera ere izango du. Horri buruzko azalpenak datozen egunotan emango ditu Kontseiluak.