Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren, Euskal Herrira itzuli eta Getxon bizitzera etorri zen Andres Isasi, musikagintzan aritzeko asmoz. Bere lanek argi eta garbi erakusten duten Erdialdeko Europako eragina eta musika alemaniarraren ezaugarri nabarmenak dituzte. Estiloaren zehaztasunaren, leuntasunaren eta zailtasunaren ondorioz, bere musika aurreratuegia omen zen garai horretan eta euskal musikazaleek hozkeriaz hartu zituzten Isasiren konposizioak. Ezaxolakeria handia zelarik ere, konposizioak idazten jarraitu zuen Isasik bere baliabide ekonomikoei esker, musika bizimodua izan gabe. Bere musika ekoizpenean, pianorako piezak, liederrak, piano eta orkestrarako kontzertu bat, bi sinfonia, aipatutako piano kuartetoak eta "Angelus" ahots-lana nabarmendu behar dira. Azken horrekin arrakasta handia lortu zuen Budapesten 1930ean.
Andres Isasi laukotea
Karsten Dobersek (biola), Guillaume Martignek (biolontxeloa), Anna Bohigasek (biolina) eta Myriam Theveneau (biolina) osatzen dute Andres Isasi laukotea. Taldea Novalis laukotearen baitan sortu zen 2003an Munichen, nazioarteko musikari alemaniarrak bultzatuta. Batetik, Alemaniako kulturaren sakontasuna eta konplexutasuna eta, bestetik, hegoaldeko musikaren lirismoa eta sentsualitatea adierazi nahi du taldeak. Andres Isasi musikagilearen laukoteak, zeinaren izena omenaldi modura hartu zuen taldeak, filosofia horren isla dira. Karsten Dobers laukotearen biola-jotzaile eta Musikene musika-zentroaren irakasleak bultzatuta, laster argitaratuko dute disko bat Isasiren laukote guztiekin Naxos International diskoetxean.