Imanol Landa Getxoko alkateak bere poztasuna agertu du Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak igorritako mezuagatik. Horretan, Eusko Jaurlaritzak Gobela ibaiaren lanei, batez ere Errekaganen eta Zubilletan, jarraipena emateko konpromisoa hartu duela adierazi du udal agintariak. Ildo horretan, Landak agertu duenez, “behar diren desjabetzeen bitartez, bi milioi euro bideratzeko asmoa eramango dugu azaroko udalbatzara, ondoren Eusko Jaurlaritzaren esku beharrezkoak diren lurrak uzteko, obrarekin segitu ahal izateko. Modu horretan, beste behin ere, gure auzokideen segurtasunerako eta lasaitasunerako ezinbesteko lana dena aurrera eramateko konpromisoak beteko ditugu". Era berean, alkateak Uholdeetako Batzordea berehala deituko duela jakinarazi du, “auzokide guztiok proiektuen ezaugarri guztiak eta zehatzak ezagutu ditzagun”. Argazkian, Gobela ibaia eurite egun batean.