Itsasoruntzen ustez, “Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea denon esku dago eta, banatzen gaituzten ezberdintasun guztien gainetik, gure arteko elkarlana sustatzea berebizikoa da”. Horri erantzunez, eguerdiko 12ak aldera egin dute salto uretara surflariek, korronte gogorreri aurre eginez. Kamiseta gorri, berde eta zuriak jantzita, “konpromiso, esperantza eta bake eta justiziaren koloreez tindatu” dituzte Bizkaiko Zubi inguruak.
Itsasoruntzek zabaldutako oharra:
Elkarrizketaren katea osa dezagun!
Egun bizi dugun egoerari bultzada emateko, elkarrizketa sustatzeko, gaurkoan ere uretan elkartu gara, Ibaizabal itsasadarreko bi aldeak giza-katez lotuz. Surf ohola aldean, Bizkaiko Zubi inguruak konpromiso (gorria), esperantza (berdea) eta bake eta justiziaren (zuria) koloreez tindatu ditugu.
Baina, uretan ez ezik, lehorrean ere prozesuaren alde "bustiko" diren lagunak behar ditugu. Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea denon esku dago eta, banatzen gaituzten ezberdintasun guztien gainetik, gure arteko elkarlana sustatzea berebizikoa da. Guztion artean sortu behar ditugu prosezu berri bat abiarazteko beharrezkoak diren baldintzak.
Prozesua gu gara, herria da. Gogor lan egin dezagun itxaropena agortu ez dadin. Gaurko indarrak biharko malkoak saihestuko ditu.
Hiru zutabe dauzka gure aldarrikapenak:
1.Elkarrizketa eta alde orotariko akordioa, Euskal Herri osoan eta euskal hiritar guztiontzat, bazterketarik gabe.
2.Eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta bermea.
3.Giza eskubide indibidual eta kolektibo guztien errespetua eta bermea.
Elkarrizketaren katea iruditan: