Arrastoak oraindik darrai, Iñaki bezalako hainbat lagun egun folklorea zaintzen eta sustatzen diharduen Simon Otxandategi taldean sartu zirelako. Dantzariak, musikariak eta abeslariak dauzka horrek. Aipatu taldeari otu zitzaion azaroan behin egin nahi duten ekitaldi berezia antolatzea: "40 urteren bueltan, euskal kanta odolean zeramaten pertsona horiek gogoratu nahi ditugu. Garai latzetan, gure sustraiak iraunaraztea lortu zuten", nabarmendu du Gonzalezek. Amaiera bikaina emateko, ekitaldian parte hartzen duten talde guztiek batera abestuko du Berangori dedikatutako kanta. "Talde horien ezaugarri nabarmenen artean, Berangorako, abesti bat moldatzen utzi ziguten", aipatu du Simon Otxandategi taldeko zuzendariak. Sinbolikoki emango zaie agintariei kanta. Hilabete batetik hona, astean behin entseatzen ari dira talde guztiak. Berangon erroldatutako edozein pertsonak parte har dezake. Baina, aurretik, bihar egingo duten entsegura joan beharko da. Udaletxe atzean, Simon Otxandategi taldearen lokaletan izango da saioa, 20:00etan.
Alaitasuna
Moldaketak eginez eta lan berriak sortuz, Berangoko abestia kasu, euskal kantak abestuko zituen taldea sortzeko batu ziren hainbat gazte, 1970ean. Musikak lagunduta zeuden euskarazko kantu horiek. Besteak beste, soinua, gitarra eta Euskal Herriko tradiziozko haize-trenak (txistua, txirula, tthun tthun-a eta dultzaina) erabiltzen zituzten. Sei lagunek osatzen zuten taldea: Mari Tere Gonzalez, Maria Elena Uriarte, Consuelo Castellanos, Inmaculada Santamaria, Fernando Sangroniz eta Iñaki Gonzalez.
"Lorenzo jauna, orduko Berangoko parrokoa, garai horretan oso beharrezkoa zen babes legala eman zion Alaitasuna taldeari. Orduan, behin gaztelaniara itzulita, Poliziak eta Gobernu Zibilak zigilatuta egin behar ziren emanaldietan interpretatutako abesti guztiak", zehaztu duenez. "Jaialdietan, orduan modan zeuden Estitxu, Gontzal Mendibil / Xeberri, Pantxo ta Peio, Urko, Etxamendi ta Larralde... abeslariekin aritzea ohikoa zen", gogoratu du Gonzalezek.
Itxaropena
1972an sortu zuen Itxaropena taldea Iñaki Gonzalezek, 7 eta 9 urte arteko umeak hartuta. Radio Popular irratiak Bilboko Vistarama zinema aretoan egindako abeslari berrien lehiaketan, lurralde mailako lehenengo saria irabazi zuten. Iñakik berak egiten zituen zuzendari lanak, kantuen aukeraketa eta ahotsen moldaketak; Maria Elena Uriarte gitarra jotzen lagun zuela. Nesken artean, Nekane Eguskiza, Marisa Maguregi, Lourdes Uriarte, Arantza Diez eta Igone Zunzunegi zeuden. Mutilen artean, berriz, Jose Luis Gonzalez, Jorge Etxebarria eta Patxi Intxaurtieta.
Egutegia:
Azaroak 16, asteartea
20:00 Talde guztien entsegu orokorra, Berangori dedikatutako abestia prestatzeko. Parte hartu nahi duten lagun guztiei zabalik, Simon Otxandategi taldeko lokaletan, udaletxe atzean, egingo dute.
Azaroak 19, ostirala
20:30 Alaitasuna, Itxaropena eta Simon Otxandategi taldeen kontzertua Santo Domingo elizan.
Azaroak 20, larunbata
Animazioa Sabino Arana kalean: Txanbezpel fanfarrea (Iparralde), Areatxu (Algorta), Kantagunea Taldea (Erandio) eta Zanpantzar (Otxandategi-Berango).
Azaroak 21, igandea
13:30 Berangoko abestia kantatuko dute udaletxean nagusien etxeko abesbatzak, emakumeen elkarteak, Udal Musika Eskolak, Berangoko Eskolako Umeak, Santo Domingo de Guzman abesbatzak eta Otxandategi Taldeak.
15:00 Herri bazkaria eta erromeria udal pilotalekuan. 15 euro pertsona bakoitzeko.