"SOS Santa Mariñe" lelopean, maiatzaren 17an kontzentrazioa egin zuten hainbat herritarrek, Urdulizko ospitale berriaren obren aurrean. Patxi Lopez lehendakaria zen joatekoa aipatu azpiegituraren lehen harria jartzeko ekitaldira. Agintarien ingurura hurbiltzeko ahaleginik ez zuten egin protestan zeudenek. Hala ere,
ertzainek bi gazte atxiki eta identifikatu zituzten. Egunak pasatzean, horietako baten etxera joan zen Ertzaintza, mutila han topatuko zutelakoan. "Baina han ez zegoenez ezin izan zuten eraman", gaztearen gertukoek UKBERRI.NETi azaldu diotenez. "Bere amari esan zioten komisarian galdera batzuk egitea besterik ez zela euren asmoa", gaineratu dute. Horren berri izatean, bere abokatuarekin jarri zen kontaktuan mutila eta horrek esan omen zion, komisaria ez zela deklaratzeko lekua eta, beraz, hara ez joateko. Gaztearen hurbilekoen arabera, "printzipioz ertzaintzaren nahia, desobedientzia larria delitua sartzea zen, baina epaileak ez zuen onartu eta azkenean leporatzen diotena falta bat baino ez da: desobedientzia". Epaiketa bihar, asteartea, izango da Getxoko Justizia Jauregian, Negurin, 10:30ean. Argazkian, maiatzaren 17an atxikitako lehenengo gaztea.