Eteten ez den kate horretan, ordea, noizbehinka epaileak edo fiskalak ikusten ditu arruntak ez diren gauzak. Eta orduan bideak irekitzen zaizkio salaketari. Zoritxarrez, hemen ere badakigu zein den, behin eta berriz, gertatzen dena: epaiketan guardia zibilen bat edo poliziaren bat erruduntzat jotzen bada, handik gutxira kalean egongo da indultua dutela golkoan. Guztion lotsarako gertatzen da hori. Orain dela egun batzuk jakin dugu gure aspaldiko Amedo (GAL hartaz oroitzen?) salatua izan dela bere bikotea jipoitzeagatik. Gizon horrek 100 urte baino gehiagoko espetxe zigorra zuen, baina kalean dago, ez dakit ongi zein merituren ondorio.
Ez dut inolako zalantzarik izan, aspalditik, ETAk egiten dituen astakeriak behin eta berriz ozenki salatzeko, aukera izan dudan aldi oro. Baina indar berarekin salatu behar da tortura ere, tortura jasan dutenek egin dituzten izugarrikeriak egin dituztenak direla. Horretan ez da zalantzarik izan behar. Oraintxe berean badira salaketa batzuk epaileen eskuetan. Herri salataritzak argi ikusi du hor badirela aski ezaugarri torturak egin direla onartzeko. Ez du inolako zalantzarik izan. Ez dakigu zer gertatuko den. Baina ez dezagun ahaztu fiskalak baino lehenago behin eta berriz jarri izan dutela Espainiako Estatua susmopean bai Europako erakundeek bai Nazioarteko Amnistia bezalako erakundeek. Horrek erne utzi behar gintuzke guztiak.
Nekez asma daiteke zer pasatzen den torturatzeko prest dagoen norbaiten burutik. Badirudi gizakiok badugula, historia ezagutzen dugunetik, halako joera berezi bat ez bakarrik borrokan ibiltzeko gure artean, baizik askotan gure ondoan dagoena gupidarik gabe jotzeko, zanpatzeko, jipoitzeko… arrazoi argirik gabe askotan. Badirudi munduan dauden animalia guztien artean gu garela bakarrak hori egiten dugunak. Ez da hain urrun oraindik Jugoslavia zaharra desegin zen garai hartan gertatutakoa, psikiatra bat zegoela denen artean aitzindari. Askotan burutik pasatzen zait gure inguruko asko, gure auzokide eta adiskideen artean bat baino gehiago gai izango litzatekeela holakoak egiteko… egoerak horretara bultzatuz gero. Pentsatzeak bakarrik izutzen nau. Baina munduan zehar hain erraz erabiltzen den hori ikusirik, ezin dut burutik kendu.
Egia esan, tortura egiten duenak bere miseria guztiak agerian uzten baditu, izugarrikeria horrek beldurra sortzen badu gure baitan eta,gainera, torturatzaileak gu zaindu eta babestu behar gaituztenak baldin badira, ez dakit orduan zer egin. Hau da orain epaitzen ari diren kasua. Ez dakigu zer gertatuko den, eta ezin da inor ere kondenatu kondena hori oraindik ez bazaio gainetik behera etorri. Baina berriz ere betiko alboratu behar genuen astakeria (ez dakit hitz egokia den "astakeria", astoek ez baitute holakorik egiten) hau gure egunkarietara iritsi da, eta fiskalak ikusi duena ikusi du. Ez ditzatela golkotik inork ere ulertuko ez lituzkeen arrazoiak atera orain: "bai, probatua da torturatu dituztela, baina nola hamabost izan ziren eta ez dakigun nor izan zen hori egin duena, hamabostak libre". Hori ez luke inork ere ulertuko, argumentu hori absurduraino eramanez ezingo baikenuke inoiz ere ezer ere probatu. Edo gai izango ginateke jakiteko zein izan den hankan halako ubeldura sortu diona, zeinek eman dion bekainean, zein izan den ostikoa atzetik eman duena? Holako argudio bidea aitzakia hutsa litzateke, zer egin ez dakigula aske uzteko aitzakia. Dena den, ez ditzagun gauzak aurreratu, epaileak probatutzat eman behar baitu zerbait zigorra ezarri aurretik.
Hori bai, gauza bat bakarrik eskatuko nuke: kondenarik baldin bada, bete dezatela inolako gupidarik gabe bete behar duten tokian. Ez dadila inoren burutik pasatu horrek indulturen bat edo behar duela, torturatzaileak indultatzen ditugunean, gizartean arrisku handia sor dezaketen pertsonak (pertsonak?) laxo uzten ari garelako.
Pello Salaburu EHUko errektore ohiak "Deia" egunkarian larunbatean argitaratutako artikulua