Joan den larunbatean, hilak 13, Getxoko 19 urteko gizonezko bat atxilo eraman zuen tokiko Udaltzaingoak, egun horretan goizaldean hainbat autoetan lapurreta egin zuelakoan. Era horretako 25tik gora lapurretetan parte hartu ote duen ikertzen ari dira. Getxoko Udalak zabaldu duenez, "Neguri auzoan azken egunotan autoetan egindako lapurreta kopurua gora egiten ari zela eta, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza lanak areagotu dituzte auzo horretan, hainbat ekintza eginez". Larunbat goizean detektatu zuen udaltzain patruila batek Neguriko Etorbidean susmo txarra sorrarazi zien gizonezko baten presentzia. Nor zen egiaztatu ondoren eta zigor-aurrekari ugari zituela ikusita, hainbat gauza hartu zizkiotela (eguzkitako betaurrekoak, mp4 irakurgailua, eta abar) jakinarazi dute udal iturriek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!