"Jan ezazu AHT Sopelan!" lelopean, larunbatean, Abiadura Handiko Trenaren egungo egoerari eta proiektu horren aurkako borrokaren bilakaerari buruz aritu ziren Sopelako Sekeko gaztetxean. Tokiko
Eguzkik antolatutako jardunaldian, besteak beste, AHTren aurkakoa duela 18 urte hasitako gatazka dela nabarmendu zuten. Tartean, zuzeneko kaltetuek ere hitza hartu zuten: Aramaio eta Atxondotik heldutako lagunek bakoitzak bere herrian bizi duen egoera azaldu zuten, irudi eta argazkien bitartez. Zornotzako Leginetxe auzoan, berriz, bota behar zuten baserri bat okupatu egin zuten, obrak gelditzeko. Une hunkigarria ere suertatu zen: "AHTren kontrako borrokak bere momenturik indartsuenean ez dago eta Eguzkik eta
Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS) omenaldia egin nahi izan zieten borroka honetan aktiboki aritu (eta aritzen) direnei. Alde batetik, ekologisten ustez, Leginetxeko borroka eredua izan da eta, nahiz eta baserria obrek desagerrarazi, etxabe horren maketa oparitu zitzaien hango hizlariei, ikur bezala geratu dadin guztion memorian", azaldu dute GASeko kideek. Azkenik, "Jan ezazu AHT Sopelan!" leloa "hitzez hitz" bete zuten: gazte asanbladakoek bizkotxozko AHTa atera eta hizlariek moztu eta jan egin zuten. Argazkian, Sopelan AHT jaten / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.