Aitxu! Sopelako euskara taldeak ostiral honetarako antolatu du "Euskarak batzen gaitu" ekitaldiaren laugarren edizioa. Aurreko urteetan Taberna Ibiltaria taldearen laguntza izan dute, jaialdia arrakastatsua suertatuz. Aurten, aipatu lagunez gain, Anje Duhalde abeslari ezaguna izango da Sopelan. Lehenengo saioa 18:30etan egingo dute, Laiak tabernan. Duhaldek bere abestiak kantatuko ditu, Taberna Ibiltariaren eta bertan bilduko diren guztiekin batera. Hori errazteko, kanten letrak banatuko dituzte. Bigarren saioa, berriz, Larrabasterrako Urko kiroldegian izango da. Bertan, herri afaria egingo dute. Sabelak bete ostean, herriko eragile ezberdinek, multzoka, abesti bana kantatuko dute, Taberna Ibiltarikoen gidaritzapean. Bada, afarira joan nahi duenak, gaurtik aurrera Laiak tabernan baino ezin izango ditu aurkitu geratzen diren azken txartelak, 18 euroren truke, Aitxu! euskara taldekoek jakinarazi dutenez. Argazkian, orain bi urteko kantaldia / © Aitxu! euskara taldea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!