Barrikako Udalak sei pertsona aukeratuko ditu tokiko erakundean lan egiteko: lau peoi arrunt eta bi administrari laguntzaile, hurrenez hurren. Lehenengoak inausketa hondarrak batzen eta energia berriztagarrien mantenua eta jarraipena egiten arituko dira. Bigarrenek, berriz, udaletxean eta beste eraikin publikoetan ezarri berri den Wimax sarean jardungo dute. Hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko, ezinbestean hurrengo baldintzak bete beharko dira: langabezian egotea, langabezia prestaziorik ez jasotzea (subsidioa bai) eta Behargintzan edo Lanbiden izena emanda egotea. Kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute eta astero 40 orduz lan egingo dute beharginek. Langile berri horiei sektore bakoitzeko hitzarmena aplikatuko zaie: peoiei, Bizkaiko Eraikuntzaren Hitzarmen Kolektiboa; eta administrariei Bizkaiko Bulegoetako Hitzarmen Kolektiboa. Argazkian, inausketa hondarrak / © Barrika.net.