Goizeko 11ak aldera hasi da gaur, Getxoko Justizia Jauregian, Negurin, Urdulizko ospitalearen lehenengo harria jartzeko ekitaldian atxikitako bi gazteetako baten kontrako falta epaiketa. Hala ere, hasi eta gutxira bertan behera utzi du saioa epaileak. Mutilaren abokatuak azaldu duenez, atestatua egiterako orduan ertzaintzek ez dute benetako identifikazio zenbakia jartzen, segurtasun arrazoiengatik edo. Kontua da deklaratu behar zuten bi poliziek gertaeretan esku hartu zutela ziurtatzen duen agirik ez dela magistratuarengana heldu. Letraduaren protestaren ostean, judizioa atzeratzea erabaki du epaileak. Gazte horri "desobedientzia falta" leporatzen diote. Baina, egun berean atxikitako beste mutil bat epaitu behar dute "lehendakariaren kontrako irain delitua" egotzita. Argazkian, atxikitako gazteetako bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!