Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna eta abokatua gose greba mugagabea hasi zuen atzo, Malagako espetxean bizi duen bakartze egoeraren amaiera eskatzeko, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez. Azaro hasieran Caceresko kartzelatik Andaluzia aldera lekualdatu zutenetik, isolamenduko moduluan daukate Zulueta; eta han dagoen euskal preso politiko bakarra da. Goizean hiru ordu eta erdiz egon daiteke patioan, eta bakarrik ateratzen da. Beste egun guztia ziegan ematen du. Eduki pertsonalak mugatuak dauzka, eta espetxezainak dira ikusten dituen pertsona bakarrak. Zuluetaren aurkako "mendekuzko" jarrera salatu du AAMk. Lemoizko bizilaguna abokatuen aurkako polizia operazioan atxilotu zuten apirilaren 14an eta, bost egunez inkomunikatua eduki ondoren, espetxean sartu zuten. Argazkian, Zulueta atxilotu zuten gauean / cc-by-sa Askatu.org.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!