Aurtengo berritasuna Euskara Saria izango da; euskararen erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsonari emango zaion ikurra, alegia. “Saria emateko kontuan hartuko dira saritutako lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia eta euskararen normalizazioaren alor guztietan egindako ekarpena. Ibilbidea eta jarraitasuna ere kontuan hartuko dira”, azaldu du Loroñok. Saria udalerriko artisau batek, Luis Artolak, egindako oroigarria izango da. Hori abenduaren 2an banatuko dute, 20:00etan, udaletxeko areto nagusian. Horrenbestez, hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 22ra arte luzatuko dute eta edozeinek bidal dezake proposamena honako helbide honetara: euskara.zerbitzua[abildua]getxo.net. Euskara Zerbitzuaren Aholku Batzordeak aukeratuko du saritua eta ondoren Udalak berretsi beharko du. Horren izena azaroaren amaieran emango dute ezagutzera. Bestalde, Komunikazio zinegotziak aipatutakoaren arabera, “oso pozik eta harro gaude jardunaldiak aurrera eramateko herri ekimena eta ekimen instituzionalaren artean dagoen lankidetzaz eta osagarritasunaz, jarduera asko udalerriko hainbat elkarte eta talderen lanari esker eramango direlako aurrera". Gaineratu duenez, "euskarak beti edukiko du gure babesa” .
Egitaraua
Egitarauari dagokionez, urtero bezala gustu eta adin guztientzako jarduera ugari izango dira, gaur hasi eta abenduaren 19ra arte. Horien artean honako hauek izango dira: “Getxoko izenak” liburuari buruz Mikel Gorrotxategi egilearekin mintzatzeko aukera bi egunez, Izarren Distira gala, pintxo tailerra, graffiti ikastaroa gazteentzat, “Getxo, akordaten naz II” dokumentalaren berrestreinaldia, "Merkatuan kantetan" ekimena, bertso poteoa, Gariren kontzertua, Algortako Bertsolari Eskolaren (ALBE) gala; eta azkenik, "GetxONegin" pintxo lehiaketaren bigarren edizioa, abenduaren 18an eta 19an, ostalarien eta bezeroen artean euskara sustatzeko asmoz. Lehiaketara aurkeztu nahi dutenek azaroaren 26a baino lehen izena eman beharko dute, Euskara Zerbitzuan. Horrenbestez, lehen aipatu bi egunetan pintxoa euro batean salduko dute ostalariek eta, horien artean, hiru sari banatuko dituzte: epai-mahaiarena, publikoarena eta "hizkuntza-pasaia txukunena" duen establezimenduarentzat (euskararen erabilera "txukunenari", alegia). Izan ere, ekimen horren helburua merkatariei euskara erabiltzea gehigarri bat izan daitekeela erakustea da.
Iparra Galdu Gabe
Getxoko Udalak adierazi duenez, Iparra Galdu Gabe Jardunaldien balantzeak nahiko datu onak utzi ditu. Urriaren erdialdetik azaroaren erdialdera izan diren jardueretan guztira bi mila bat lagun izan dira, tokiko iturrien arabera. Horietatik, 750 bat herritar hurbildu ziren Jon Cazenaveren erakusketa ikustera. "Otto" umeentzako antzerkia 300 ume egon ziren ikusten eta trinket partida beste berrehun. Bestalde, Cazenave txokolatearen dastaketak oso harrera ona eduki zuen. Azkenik, trikitixa jaialdian 250 lagun izan ziren eta bertsolarien kanporaketan 400.