Barrikako Udalak Gabonetako postalen bigarren lehiaketarako deia egin du. Horren helburua 7 eta 11 urte bitarteko neska-mutilak arte lanak sortzera bultzatzea da, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Gauzak horrela, azaroaren 27a izango da postalak aurkezteko azken eguna, Barrikako kultur etxean (Txintxilandia eraikina, 2). Gutun azal baten barruan aurkeztuko dira, eta horren kanpoaldean honakoa agertu beharko da: "Gabonetako Postalen II. Lehiaketa 2010". Gutun azalaren barruan, berriz, ondoko hauek sartu beharko dira: lana bera, atzealdean titulua duela; eta gutun azal txiki bat, itxita, barruan tituluaz gain norberaren datuak ere badituela (egilearen izen abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia). Lehiaketako irabazleak 80 euroko txartela jasoko du, horrekin nahi duen arte materiala erosi ahal izateko. Txapelketan bigarren geratzen denak, berriz, 40 euroko txartela jasoko du, eta aurrekoaren modu berean erabili ahal izango du. Argibide gehiago eska daiteke 946 775 163 telefono zenbakian. Argazkian, Ane Garcia Elorriaga 10 urteko neskatoak iaz marraztutako “Gabon zoriontsuak” postala / © Barrika.net.