IAk zabaldutako prentsa oharra:
Azaroaren 17a, Ikasleon Nazioarteko Eguna, ikasleon jardunaren mundu mailako errekonozimendua da, ikasle borrokaren irudimena, indarra, kritikotasuna, iraultzaletasuna… goraipatzen duen eguna. Ikasle Abertzaleok urteak daramatzagu egun honen harira iraganaz ikasi, orainaz eztabaidatu eta etorkizuna iraultzeko dinamikak aurrera eramaten. Hitzaldiak, kontzentrak, eztabaida tailerrak, erakusketak, manifestazioak…Ikasle Abertzaleok lekukoa hartu nahi izan badugu ere, hamaika izan dira ikasleriak eginiko ikasle boterearen erakustaldiak.
Guk argi dugu campus zein fakultateetan eginiko ekimenak norabide egokian burutu ditugula, honen adierazle baita UPVko trajedunek Azaroaren 18rako hauteskundeak deitu izana. Izan ere Hauteskunde egunaren bezpera hausnarketa eguna dugula jakinda, eta UPVko hauteskundeetara aurkezten garenez, ezin dugu ikasle eragile gisara inolako ekimenik deitu. UPVk, beraz, Ikasle Abertzaleok ditugun zerrenda herritarrak baliogabetzeko mehatxuaren itzala gure gainean paratu du, zentsuraren ilunaz gu ikaratu eta klasean buru makur geldituko ginenaren ustean.
Gaurkoan hemen elkartu garen ikasle mugimenduko kideok ordea, estrategia zentsuratzaile honen antzutasuna azpimarratu nahi dugu. UPVk “eman ta zapaltzazu” doktrinarekin jarraitzen badu ere, Ikasleon Nazioarteko Eguna ukatzen badigu ere, ikasleok ozen oihukatzera goaz: Borroka garaia da! Egunerokotasunean ikasgela, fakultate naiz unibertsitatean pairatzen dugun erasoaldiaren aurrean borroka egingo dugu, gure eskubideen alde, inposizioen aurka, errepresioaren gainetik… Ikasle Abertzaleok ez dugulako egun zehatz bat eta bakarra lan egiteko, guk egunerokotasuneko jardunaz eraikitzen dugu geuk nahi dugun etorkizuna. Egun bat bahitu arren, UPV eta bere inposatzaileei jakinarazi nahi diegu ez garela burumakur geratuko, ez dugula gure bidea etengo, ez dugula borroka baztertuko. Atzo genion, gaur diogu eta bihar ere ahal egingo dugu: Ez gaituztela haiek nahi duten ikasle mutu eta sumiso bihurtuko, ez gaituzte izutuko, ez eta geldituko! Borrokan jarraituko dugu, atzo bezala gaur eta biharko egunez, ikasleon nazioarteko egunean, ikasle borroka fakultateetan presente izango den bezala, hauteskunde hauetan bozkatzera joango den ikasle uholde kritiko eta iraultzaile batez erantzutera goaz! Gurekin batera, ikasle borrokaz, bestelako unibertsitate eredu bat eraikitzeko deia egin nahi diogu ikasleriari, datorren ostegunean hilak 18 hauteskundeetan Ikasle Abertzaleak bozkatzeko eskatuz. Eta aldi berean, fakultatez fakultate daramagun borrokan parte hartzera gonbidatu, denon artean eta ikasle borrokaz lortuko dugulako!
Orain inoiz baino gehiago ikasle borrokaz lortuko dugu!