Arantza Zuluetaren lagunak: "Arantza Zulueta isolatuta eta gose greban Malagako kartzelan"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 17a, 20:35
Benetako mendekua jasaten ari da euskal preso politikoen ohiko defentsari den Arantza Zulueta. Isolatuta dago apirilean atxilotu eta kartzelan sartu zutenetik. Malagan dago gaur egun Arantza. Pasa den azaroaren 15etik gose greba mugagabean dago egoera hau salatzeko asmoz . Apirilaren 14an atxilotu zuten Arantza Zulueta. Audientzia Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak aginduta Guardia Zibilak egindako operazio baten barruan atxilotu zuten beste hamar lagunekin batera. Beste abokatu bi ere atxilotu zituzten egun horretan. Polizia operazio hau errepresioa eta bere ondorio den kartzeletako eskubide urraketa salatzeko eta euskal presoenganako elkartasuna sustatzeko lan egiten duten pertsona, erakunde eta mugimenduak kriminalizatzeko estrategiaren testuinguruan burutu zen. Argazkian, Zulueta atxilotu zuten gauean / cc-by-sa Askatu.org.
Pasa den urriaren 23tik dago Malagako kartzelan Arantza Zulueta. Beste inor ez dagoen moduluan dago espetxe horretara heldu zenetik. Gainontzeko presoekin, beraz, ezin du inoiz egon eta kartzelako funtzionarioekin baino ez du harremanik. Esan behar da, bertan zeuden lau euskal presoak beste toki batzuetara lekualdatu zituztela Arantza bertara eraman zutenean. Horien artean dago Jesus Mari Mendinueta, azken 16 urteak Malagan egon eta Castellora eraman zutena.

Apirilaren 14an atxilotu eta bost egunez inkomunikatuta egon ondoren, Madrileko Soto del Real espetxean sartu zuten Arantza. Bigarren egunean –ohikoa ez dena, bestalde, lehenengo kartzela honetan denbora luzeagoan egoten baitira presoak– Cacereseko kartzelako emakumeen modulura eraman zuten. Ordutik hona (irailean epaiketa baten lekuko izateko Soto del Realera eraman zuten tarte laburra kenduta) ez diote utzi beste euskal preso politikoekin harremanik izaten.

Caceresen egon zenean, urrian, bertan dauden euskal preso politikoek –Arantzak berak barne– bere egoera salatu eta isolamenduari amaiera emateko protestaldiari ekin zioten. Horretarako, isolamenduaren kontrako kartelak jarri eta “txapeoa” (ziegan itxita egotea) egin zuten. Zentroko zuzendariarekin hitz egin ondoren, egoera konponbidean jarri zen. Hala ere, Arantza Caceresetik atera eta Malagara eraman zuten. Han, isolamendu modulu batean dago, bakar bakarrik.

Arantza Zuluetaren gaur egungo egoera

Arantza Ziega txiki batean dago. Patio orduak kenduta –bi goizean eta beste bi arratsaldean ilundu duenean– egun osoa ematen du ziega barruan. Patioa ere neurri txikikoa da eta “v” forma du –metro 1 zabal alde baten, 3,5 bestean eta 9 bat metro luze–. Alde estuan kristal opakua du. Bertatik berari begiratu ahal diote, berak nork behatzen duen ikusi ezin duelarik.

Isolamendua bisitetara edo telefono deiak egitera eramaten dutenean ere ematen da. Espetxeko funtzionarioek eragotzi egiten diote momentu horietan ere beste pertsona batzuekin harremanik izatea.

Ziegan liburu bi eta arropa batzuk besterik ezin ditu eduki. Norbere gauza batzuk, arropa, gutunak,… geldituta daude eta gutunak eman egin behar ditu irakurri eta gero. Gutunak sistematikoki gelditu eta atzeman egiten dituzte,bai irteerakoak –gutun bi astean– , bai sartuko direnak. Horrela, kanpotik iristen zaizkion gutunen berri ematen zaio, baina Madrilera bidaltzen dira lehendabizi kontrolatzeko, eta asteak beranduago ematen zaizkio. Berak bidaltzen dituen gutunak ere Madrildik pasatzen dira.

Euskaraz dauden liburuak ere gelditu egiten zaizkio, nahiz eta euren legezko gordailua izan eta legezkoak diren argitaletxeek (Elkar, Susa, Txalaparta,…) banatutakoak izan. Liburu hauek Madrilera bidaltzen dituzte itzultzeko!!. Gauzak horrela, denbora asko igarotzen da hartzen dituen arte.

Azken lekualdatzeak bere familiarekin zegozkion “vis a vis” komunikazioak izan dituenean izan dora eta, ondorioz, abuztutik ezin izan dute ikusi bere gurasoek. Gainera, abuztura arte ez diote lagunen bisitarik eman.

Mendeku bila dabiltzala ematen du Arantza Zuluetak jasaten duen egoera ankerra ikusita eta egoera hori erabaki politiko baten ondorioa dela. Urteak eman ditu abokatu honek euskal preso politikoen defentsan eta espetxe politika eta espetxeetan ematen den oinarrizko eskubideen urraketa salatzen. Orain, ezarri zaizkion baldintzekin, abokatu defentsari gisa salatu dituen urraketa berberak jasaten ari da. Helburua argia da, min ematea, bere nortasuna haustea, portaera baldintzatzea, morala hondatzea, kanpo aldearekiko komunikazio guneak mugatzea eta bere kideekiko harremana ezabatzea. Isolatzea bai politikoki bai gizaki bezala ere. Bizi duen egoera azalduko duen beste arrazoirik ez dago.

Estamentu politiko, sozial, legal, humanitario eta instituzionalek salatu dutenez, euskal preso politikoei aplikatzen zaien espetxe politika estrategia politiko zabalago baten lanabesa da eta estrategia horren helburuak kartzela errealitatea baino harantzago daude. Espainiako gobernuko arduradun politikoek eurek behin baino gehiagotan esan eta baieztatu dute hori inolako konplexurik gabe. Beraz, ondorioztatu behar dugunez, helburu politikoen menpe daude eskubideen urraketa eta murrizketa eta espetxe errejimen ezberdinen ezarpena. Politikoki, sozial eta kulturalki hurbilekoak diren presoen kolektiboa haustea da, kasu honetan, helburua. Izaera politikoa duten beste helburu batzuetarako erabiliko lukete, lortzekotan, helburu hori.

Euskal preso politikoen taldeari eta euren senideei eragiten die estrategia honek. Pertsona bakoitzaren jarraipen iraunkor eta luzea, bakoitzaren ahultasunak eta beharrizanak detektatu eta bere kontra erabiltzea, espetxe tratamendu desberdinak jartzea saritu eta zigortzeko, espetxeratuta dauden pertsonen morala hondatzea gizaki legez eta fisikoki… Egunero ikusten ari gara hori eta estrategia anker honen arduradunek eurek ere ez dute hori ukatzen.

Salaketa eta erantzun globalagoa eskatzen duen egoera orokor baten aurrean gaude. Hala ere, Arantza Zuluetaren kasuan, bere atxiloketaren zirkunstantziak eta espetxean bizi duen egoera kontuan hartuta, azpimarratu egin behar dugu helburu politikoena. Horrek azal dezake jasaten ari den isolamendu eta zigor trataera. Mendeku argi eta garbia, abokatu honek euskal preso politikoen defentsan burutu duen lan nabarmenaren ondorioa.

Bere helbidea:

Arantza Zulueta Amutxastegi
Prisión Provincial de Málaga
Apdo 376
29.130 Alhaurín de la Torre
MÁLAGA

Gutuna edo postala idatz iezaiozu. Hori da egoera honetan gehien lagundu eta indartuko diona.

Arantza Zuluetaren lagunak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun