ALBEk, urte mordo daramatza Bihotza Gazte izeneko saioa antolatzen. "Bertsolari beteranoentzat propio sortutako plaza da eta giro itzela izaten dute urtero", elkartetik gogoratu dutenez. Aurten Izarraizpetik ekarri zituzten Jose Luis Gorrotxategi eta Imanol Lazkano. Festa konpletoa izateko azken urteetan Kupela taldea ere gonbidatu finkoa izaten dute eta "behin hara joanda Anjel Larrañaga ere presto jarri ohi da bertso kanturako panderoa utzi ahala. Numero dotoreak grabatu zituen 'HH'-ko lantaldeak", haiek beraiek aitortu bezala.
Umorea Arantzan eta "Bertsolari" aldizkaria
Baina Algortakoa ez da igandean ikusi ahal izango dugun bertso saio bakarra, ezta umorea hizpide izan duen bakarra ere. Izan ere, Alaia Martinekin eta Miren Amurizarekin egindako bertso afaria "ez dute berehalakoan ahaztuko Arantzan". Bi neska gazteek errepaso galanta eman zioten Ekaitza elkartean bildutako entzule-jendeari, batzuk lotsa-gorrituz eta gainontzekoen irri karkailak askatuz. Gainera, "Zapping" atalean, Arantzan bertan, 1992ko irailean, Andoni Egañak eta Jon Sarasuak egindako saio gogoangarria berreskuratuko dute; Sarasuak bertso-kantua utzi nahi zuen, saioaren luzeagatik akituta-edo, eta Egaña berriz gerrarako, ekin eta ekin.
Apur bat serioago, Josu Martinez izango du alboan Jon Artano "Hitzetik Hortzera"-ko aurkezleak. Bilboko sortzaile gazteak "Bertsolari" aldizkariko koordinatzailea izateko beta ere hartzen du eta berriki kaleratuko den udazkeneko alearen edukiak aurreratuko ditu platoan. Gainera, udan Palestinako bertsolariekin izandako hartu-emanaren irudiak ere ekarriko ditu.
Bainujantziak eta laneko buzoak
Azkenik, Bertsoa.com-ek Ataunen jasotako bertsoaldi zirtolaria ere emango dute. Iban Urdangarin eta Anjel Mari Peñagarikano bainujantzitan elkarri begira jarri zituen Jon Aizpurua gai-jartzaileak Ataungo San Martin jaietako bertso saioan. Zuri-beltzekoan Euxebio Igartzabalek laneko buzoari botatako pare bat bertso zorrotz gogoratuko dituzte.