Iratxe Urizarrek, Julen Arzuagak eta Alfonso Zenonek atzo beste hainbat abokaturen babesarekin egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, Zuluetaren atxiloketa bidegabekoa deklaratzeko, hura berehala askatzeko eta estatuak halako ekintzarik berriro egin ez dezala exijitzeko eskatuko dute NBEn. Estatuak traza politikoko kasuetan aritzen direnen jarduna "jomugan" jartzen duela salatu zuten. Bederatzi lankide espetxean eta beste asko ikerketapean dituztela gogoratu zuten.
NBEko bidegabeko atxiloketen lan taldean aurkeztuko duten txostenean hiru gauza azpimarratzen dituzte: atxiloketa uneko irregulartasunak, inkomunikazioa eta gaur egun Arantza Zulueta jasaten ari den sakabanaketa eta bakartzea, batetik; gertaeren falta, bigarrenik, haien ustez "delitu terroristarik" edo delitutzat jo daitekeen ezer ez zaielako euren lankideei egozten; eta atxiloketen zergatia hirugarrenik; izan ere, Arzuagaren arabera, "giza eskubideen urratzeen lekuko ezatseginak" direlako atxilotu zituzten, "paretik kendu beharrekoak" zirelako. Froga gisara, abokatuen aurka egindako operazioan agertutako Guardia Zibilaren txostena ere bidaliko dute NBEra. Han, argi gelditzen da, besteak beste, guardia zibilak legez kanpoko galdeketak erabiltzen dituela.
Muturreko bakartzea
Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna abokatuen aurkako polizia operazioan atxilotu zuten apirilaren 14an eta, bost egunez inkomunikatua eduki ondoren, espetxean sartu zuten. Berehala Cacereseko kartzelara eraman zuten. Emakumeen moduluan sartu zuten, bertan zegoen euskal preso politiko bakarra zela. Hainbat hilabetez bakarrik egon ondoren, espetxe horretan dauden euskal preso politikoek borrokaldia abiatu zuten, Zuluetak bizi zuen bakartze egoera amaitzeko eskatuz. Itxialdia ere egin zuten. "Egoera konpontzera bidean, zuzendariarekin hitz egiten ari zirela, Malagako espetxera lekualdatu zuten Arantza, bertan isolamenduko modulu batean sartu zutelarik, erabat bakarturik", salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Zulueta han dagoen euskal preso politiko bakarra da. Goizean hiru ordu eta erdiz egon daiteke patioan, eta bakarrik ateratzen da. Beste egun guztia ziegan ematen du. Eduki pertsonalak mugatuak dauzka, eta espetxezainak dira ikusten dituen pertsona bakarrak. Zuluetaren aurkako "mendekuzko" jarrera salatu du AAMk.