Goizeko bederatzietan Algortako Fadura kiroldegiko ekitaldi aretoan sartu eta bi orduz egon dira bilduta Getxoko udal langileen ordezkariak. Udaletxeko beharginak ez ezik, Getxoko Kultur Etxeko, Getxo Kiroletako, Jesusen Bihotza Nagusien Etxeko, Andres Isasi Musika Eskolako eta Getxoko Udal Euskaltegiko kideak ere bertan izan dira. Horrenbestez, datorren asterako
lanuzteetara deitu dituzte udal langile guztiak. Astelehenetik ostiralera, egunero bi orduko lanuztea egingo dute udaletxe aurrean, 10:00etatik 12:00etara, tokiko agintariek soldatak murriztu nahi dituztela salatzeko asmoz. Bestalde, negoziazio mahaiaren gaurko deialdira ez dira joan ELA, LAB, CCOO, UGT, ErNE eta SVPE sindikatuak. Langileen ordezkariek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, Imanol Landa alkateari mezua helarazi diote, "agenda arazoak tarteko" ezin izango zirela joan esanez eta beste egun baterako hitzordua eskatuz. Argazkian, horrelako pegatinez josita daude udal egoitza guztiak.