Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, giro nahasia espero da biharko. Haize zakarragatik alerta horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak, haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezaketelako gauerditik biharko zazpiak arte. Iragarpenak dio larunbatean zeru ilunarekin argituko duela egunak, eta euri-jasak espero direla lurralde osoan. Eguerdian ostarte batzuk irekiko dira, arratsaldean zehar berriro zerua estaliz joango da eta euria egingo du. Haizea ere zakar ibiliko da, hego-mendebaldetik joko du goizean eta arratsaldean mendebaldera egingo du. Tenperaturak 9 eta 15 gradu artean egongo dira. Igandean ere euria egingo du eta tenperaturak jaitsi egingo dira. Euri-jasak lurralde osoan emango dira, baina ipar partean sarriago egingo du euria eta zaparradak mardulagoak izango dira. Tenperatura maximoak 12 eta 13 gradu artean egongo dira kostaldean; barnealdean berriz, 9-10 gradu inguruan, eta haizeak ipar-mendebaldetik joko du. Elur-kota 1200-1300 metroren bueltan ibiliko da.