Bisiten ondoren, etxebizitzen plano bat egin dute, larrialdi egoera batean erreskate lanak errazteko. Horretaz gain, suteak prebenitzeko eskuliburua eman diete bizilagunei, segurtasun gomendio batzuekin batera. “Ondorioen artean, azpimarra daiteke, bisitatutako etxebizitzen %66k ez duela sutea edukitzeko arrisku potentzialik, baina kea detektatzeko aparailua ipini diete, zerbait gertatzekotan, alerta denborak murriztu ahal izateko. Kontuan hartu beharreko gauza bat da bisitatutako etxebizitzen %23k ez duela elektrizitate kontaktuetarako babes egokia eta diferentzial bat jartzeko gomendioa luzatu diete”, azpimarratu zuen Coriak.
Bigarren fasea
Suteak prebenitzeko kanpainaren aurreneko fasearen garapen ona ikusita, bigarren fasea jarri dute martxan, 86 eta 89 urte bitarteko bizilagunei zuzenduta. Gainera, bigarren fase horretan, 65 urtetik gorako pertsona batekin bizi diren 89 urtetik gorako pertsonen etxeetara ere joango dira, aurrekoan bakarrik bizi diren 89 urtetik gorako getxoztarren etxeetan soilik jarri baita kea detektatzeko aparailua. Datorren urtarriletik aurrera guztira 400 bat etxetara joatea aurreikusten dute.