Lamiakoko Langileria kalea egokitzeko lanak abiatuko ditu
Leioako Udalak. Horien bitartez, egun aipatu karrikak banatzen dituen plaza biak, bata metro geltoki ondokoa, lotu nahi dituzte. Gauzak horrela, Langileria kaleko 160 metroko tartea egokituko dute, beti ere oinezkoei lehentasuna emanez. Horretarako, oinezkoen zonaldeak zabaldu eta trafikoarentzat diren bideak estutu egingo dituzte. Horretaz gain, galtzadaren nibela handituko dute plazen maila berean jartzeko. Leioako beste zonalde batzuetan (Luis Bilbao Libano, Estartetxe eta Artatza) egin izan den prozesu bera egingo dute auzo horretan. Aurreko kale horietan emaitza oso ona izan dela adierazi dute Udalekoek, "kaleak oinezkoentzako aproposagoak bihurtu baitziren", aipatu dutenez. Lan horien aurrekontua 221.000 eurokoa da, eta lau hilabetean amaituta egotea espero dute, hau da, martxo aldera. Argazkian, Lamiako erdialdea gaur egun / © Leioa.net.