Giza esplotazioaren onuradunek ekarritako etorkinak iraintzen dituzte behin eta berriz enpresari berberen hautagai politikoek. Enpresen lan kargak behera egin du, eta lan istripuek, gora. Alderdi biko sistema politikoan oposizioa beti da ezkertiarragoa gobernua baino, agintean dagoenean eskumako bihurtzeko baldintzarekin. PPk pentsiodunen eskubideak aldarrikatzen ditu PSOE esku ikusezinari konfiantza transmititu beharraz dabilen bitartean. Obamak orain gogoratu du, agintaldi erdiko hauteskundeak galdu dituenean, Bushek aberatsei oparitutako zerga jaitsiera ezabatzea ahaztu zaiola. EAJk lan politiken amets zaharra ekarri du zaharren ametsak merkatzearen alde bozkatzearen truke. Rodolfok altxor kutxaren bat aurkitu du bere aurrekoen paperen artean. Rupi, Blanki, Bobi, Igor... tantaz tanta, orain hamar urteko kale aferengatik kartzelara. Malaga da paperontzi gehien erretzen den estatuko lurraldea, baina Alcorconen bezala, inor ez doa kartzelara. Are gutxiago, hamar urte beranduago.
Espero dut biharko, minik gabe, lanera joateko moduan egotea. Jasanezina baita gure zilborrei begira bizi garen bitartean egiten digutena ikustea.
Fredi Paya bertsolari algortarrak ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua