Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak amaitu ditu Artatzako bidegorria egiteko lanak. Proiektua egiterakoan, ahalik eta gehien aprobetxatu dira parke horretako bideen trazadura, tokiko iturriek aipatu dutenez. 400.000 euroko inbertsioa egin da obrak egiteko. "Proiektuaren bertute nagusia da bi kilometroko bide bat eraiki dela bizikletaz ibiltzeko. Izan ere, Leioako Eleixalde eta Pinosolo auzoetako bidegorriari jarraipena ematen zaio. Horrez gainera, aurrerapen bat da bizikleta-sarerako eta Leioako biztanleak kostaldera hurbiltzeko", azaldu dute Aldundiko arduradunek. Bizikleta eta oinezkoentzako bide berri hori (guneak bereizita daude erabiltzaile mota bakoitzarentzat) bi zatitan egin da: lehenengo zatia, Artatzako parkera sartzeko espaloiaren ertzetik Artatza Jauregira igotzeko sarrera nagusiaren mugaraino doa. Bigarrena, berriz, muga horretan hasi eta Getxoko udalerriarekin bat egiten duenean amaitzen da. Argazkia, bidegorria Elexalde auzoan / © Leioa.net.