Leioako Udal Euskara Zerbitzuak
bertsopaper lehiaketa (pdf) antolatu du, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunera begira. Ikastetxeetako ikasleek zein leioaztar guztiek azaroaren 25a izango dute epemuga, euren lanak aurkezteko. Kultur Leioan entregatu beharko dira. Guztira, udalerriko saltokietan erosteko 770 euroko bonoak banatuko dituzte, kategoria ezberdinetan; baita euskarazko material sortak ere. Bertsozaleen kasuan, bi kategoria izango dira: 15 urte artekoena eta adin horretatik gorakoena. Horrenbestez, parte hartzaile bakoitzak nahi beste bertsopaper aurkeztu ahal izango du, euskaraz soilik. Lan bakoitzak lau bertso izan beharko du gutxienez eta zortzi gehienez. Neurria norberak aukera dezake. Gaiak, ordea, euskara edo Euskararen Eguna izan beharko du derrigorrez. Bitartean, Lehen Hezkuntzako zentroetan, taldeka egindako bertsopaperik onena sarituko dute. Sariak abenduaren 2an banatuko dituzte, 20:00etan, Kandelazubieta kiroldegian izango den Euskararen Eguneko Jaian. Ekitaldi horretan, saritutako lanak irakurriko dira. Argazkian, Algortako Bertsolari Eskolak udaberri aldera egiten du “Balendin Txiki” bertsopaper lehiaketa / © ALBE.