Euskararena ez ezik, Nafarroaren Eguna ere bada abenduaren 3a. Gauzak horrela, ohiturari jarraituz, hori ere ospatzera deitu du Algortako Gorrondatxe kultur elkarteak. Horrenbestez, aipatu ostiralean, 20:30ean jarri dute ordua Telletxetik kalejiran abiatzeko. UKTEST taldeko txalapartarien, Gorrondatxe abesbatzaren eta Skandalue elektrotxarangaren laguntza izango dute horretarako. Hala ere, aurreko egunetan ere egongo da zer ikusi eta ikasi. Ostegun honetan, azaroak 25, "1512-2012. Nafarroa bizirik!" ekimenaren aurkezpena egingo dute, 19:30ean, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Abenduaren 2an, berriz, "Sistema defensivo de Navarra en Bizkaia" izeneko hitzaldi-proiekzioa eskainiko du Iñaki Sagredo ikerlari nafarrak. Ekitaldia Aldai patronatuan izango da, Algortako Karitate kaleko 1. zenbakian, 19:30etik aurrera. Argazkian, Nafarroako bandera Malmasinen, 2008ko urriaren 25eko Bizkaiko Nafarren Egunean / cc-by-sa
Palazio.