“Kalitatezko asistentzia, lan baldintza duinak, negoziazioa orain!” lelopean, asteazken honetan, azaroak 24, Gorlizko ospitale aurrean egingo dute kontzentrazioa
ELA eta
LAB sindikatuetako ordezkariek. Hain zuzen, "hilabete luzez konbokatu gabe egon ostean",
Osakidetzako Mahai Sektoriala deituta dagoen egun berean egingo dute elkarretaratzea, eguerdiko hamabietan. Protesta horren bidez, Osakidetzaren "jarrera baztertzailea" salatuko dute, lan erakunde bien hitzetan, osasun publikoan hartzen ari diren neurriei buruz eztabaidatzeko ez dituelako deitzen. Salatu dutenez, "prentsa edota filtrazioen bidez" heltzen dira ELA eta LABen belarrietara aipatu erabakiak. Gainera, sindikatuek adierazi nahi dute "azken hilabeteotan ezagututako erabaki guztiak osasun publikoaren kontrako eraso zuzena" direla. "Osasun sistema publikoak kalitatezko zerbitzua emateko beharrezko dituen giza-baliabide zein baliabide materialak murritzen ari dira etengabe: soldatak, lantaldea, aurrekontua, eta abar", aipatu dutenez. Argazkian, Gorlizko ospitalea / cc-by
Javier Mediavilla.