Urtarrilaren 12an epaituko dituzte Bilbon, 2008ko martxoaren 9an, Espainiako hauteskundeen egunean,
Plentzian atxilotu zituzten bederatzi herritarrak. Hauteskunde-delitua eta agintaritzari desobeditze larria leporatzen diete guztiei, Jai Alai frontoian lekututako hautes-zentroaren ondoan abstentzioaren aldeko elkarretaratzea egiten saiatzeagatik. Plentziako ezker abertzaleak zehaztu duenez, akusatu bakoitzari 2.500 euro baino gehiago eskatzen dizkiote. Aipatu bozketa egunean, pankarta zabaldu eta gutxira dozena bat ertzain baino gehiagok plastikoa eskuetatik kendu eta bertan zeuden lagunei identifikazioa eskatu zieten, ondoren esku-bilurrak jarri eta atxilotuta eramateko. Hurrengo egunean utzi zituzten aske.
2009ko urtarrilean epailearen aurretik pasa behar izan ziren gehienak. Bada, urtarrilaren 12an, Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan juzgatuko dituzte, 11:00etan. Argazkian, 2008ko martxoaren 9ko atxiloketak.