Ostiral honetan, hilaren 26an, amaituko da Getxoko Udal Euskara Zerbitzuak abenduaren 18rako eta 19rako antolatutako "GetxONegin" pintxo lehiaketan parte hartzeko izen emate epea. Ekimenaren helburua udalerriko ostalarien eta bezeroen artean euskararen erabilera sustatzea da. Parte hartzaileek pintxo bakarra aurkeztu eta aipatutako asteburuan euro bateko prezioan saldu beharko dute. Hiru sari banatuko dituzte: epaimahairena, publikoarena eta "hizkuntza-paisaia txukunena" duen establezimenduari emango diotena. Botoa ematen dutenen artean, Eusko Labela duten produktuen otzara bat eta bi lagunentzako afaria zozketatuko dituzte. Izen-ematea tokiko Euskara Zerbitzuaren bulegoan (antzinako Aiboa institutua), 944 660 010 telefono zenbakira deituz edota
gehi[abildua]getxo.net posta elektronikoaren bidez egin daiteke. Argazkian, Gure Etxea tabernako Joseba ugazaba, bere iazko txangurro pintxoak erakusten.