Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren Zigor Aretoan gaur abiatu da Arkaitz Goikoetxea preso politiko getxoztarraren eta Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez algortarren kontrako epaiketa. Lehenengo bientzat 534 urteko espetxe zigorra eskatzen du Blanca Rodriguez fiskalak, 2008ko maiatzaren 14an Legutioko Guardia Zibilaren kuartel-etxearen kontrako atentatuan parte hartzea egotzita. Hirugarren gaztearentzat, ordea, 8 urteko kartzelaldia eskatzen du, ETAri laguntzea egotzita. Aipatu atentatuan Juan Manuel Piñuel sarjentua hil eta 26 lagun zauritu ziren, guardia zibilen senideak tartean. Bada, gertaeren egunean Cotano Palermora (Italia) bidean zela adierazi dute gaurko saioan hiru mutilek,
Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera. Guardia zibilen idazkariak berak baieztatu du, atentatua gertatu baino ordu batzuk lehenago Cotanok Santanderretik Londreserako hegazkina hartu zuela, neskalagunarekin batera, bertatik Siziliako hiriburura bidaiatzeko. Hala ere, erakunde militarreko ordezkariaren arabera, "atentatuaren prestaketan parte hartu zuela egiaztatzen duten hainbat DNA froga badaude, komandoak erabilitako ibilgailuan jasotakoak". Argazkian, auzokideak Cotano eta Goikoetxearen irudiak sostengatzen, aurreko batean.