Elkarretaratzea egingo dute gaur Sopelako langilearen heriotza salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 24a, 11:31
Langileen batzordeak deituta, Urdulizko Lointek enpresako langileek 24 orduko lanuztea egin zuten atzo, astelehenean euren lankidearen heriotza eragin zuen istripua salatzeko. Geldialdiaz gain, beharginek lantegiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea eguerdian. Izan ere, L.T. 57 urteko soldatzaile sopeloztarra bere lanpostuan bertan hil zen, galdaragintzarako erabiltzen den pieza bat gainera erori zitzaionean. Gaurko, Sopelako ezker abertzaleak deitu du kontzentrazioa, langilearen aldeko hileta elizkizunen ostean. Hitzordua 20:00etan jarri dute udaletxeko plazan. Salatu dutenez, aurten hiru behargin sopeloztar hil dira lanean ari zirela. Otsailean Julio R.P. 50 urteko Petronorreko langileak galdu zuen bizia. Irailaren hasieran, berriz, 58 urteko J.B. hil zen, Loiuko Indubilsa enpresan jazotako lan-istripu baten ondorioz lau egunez koman izan ostean. Asteleheneko lan istripuari dagokionez, ELAk eta LABek adierazitakoaren ildotik, UGT sindikatuak atzo adierazi zuen (espainolez) "behin eta berriz" salatua zuela enpresa horretan langileek jasaten dituzten lan baldintzak eta segurtasun falta. Argazkian, LABek deituta otsailaren 16an salatu zuten Julio R. P. Sopelako 50 urteko Petronorreko langilearen heriotza / © Sopela.net.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun