…denon artean lortu dugu! Bai LeVert epaileari, bai espetxeko zuzendariari ere, egoerak eskuetatik ihes egin zien eta presio handia sumatu zuten. Gure osasun egoerak, herrian burututako ekimen desberdinek eta Euskal Herritik helarazi dizkiezun gutunek mugitzera behartu zituzten.
Beste behin ere, espetxe-borroka eta kaleko indarrak norabide berberean uztartuta eta ahalik eta esparru gehienetan presioa eraginez, helburuak lorgarriak direla ikusteko eta dastatzeko aukera izan dugu. Denon artean lortu duguna aurrekari bat izango delakoan nago eta presoon duintasuna erasotzen duten bakoitzean, aurrean izango gaituztela jakin behar dute. Bai, eraso oro erantzun beharra dugu. Duintasuna, itxaropena bezalaxe, sekulan galdu behar ez den beste oinarrizko zutabe horietako bat delako.
Bai lagun, lortu dugu. Eta ez dut uste, halako beste kasu baten aurrean, jarrera berdina izango dutenik. Hortan datza gure garaipentxoa. Oraingoan Jareri egokitu zaio, baina bihar Perutxo izan daiteke eta berak hala nahi duenean, batez ere aitatxo edo amatxo ezagutzeko egin beharko duen bidai luzeari aurre egiteko prest dagoenean, joateko eskubidea izan beharko luke eta ez epaile batek agindu edota onartzen duenean.
Bihar, azaroak 18, alaba altzoan hartzeko aukera izango dut eta hori lagun ezezaguna, hori… ezin izango dizut lerroen bitartez azaldu. Badira hitzek azaltzen ez dituztenak eta biharko une hori, horietako bat izango delakoan nago. Unea iritsita, hitzik esateko gai izango naizenik ere, ez dakit. Hala ere, alaba eta bikotearekin bat egingo dudan iskin honetatik, Jaretxoren masusta musurik potolo-potoloenak bidaltzen dizkizugu eta gure irripar, zein zorion negar-malkotan, hitzez azaltzeko gai izan ez naizena irakurtzerik izango duzu.
Besterik gabe, urtarrilaren 8an Bilboko kaleetan berriro elkar ikusiko dugulakoan, besarkada estu-estua eta herrian egindako lana eta borrokagatik esker beroenak bidaltzea baino ez zait gelditzen.
Bitartean, bien bitartean, beti alai… beti bidean aurrera jarrai.
…denon artean lortuko dugu!
Beris
Meaux-ko espetxetik, 2010eko azaroaren 17an.
Etengabe agerkari digitalak atzo argitaratutako Iker Beristain preso algortarraren gutuna.