Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintza gabeko kartzela zigorra agindu du Ion Etxegarai Begoñarentzat, 2002ko martxoaren 15ean Algortako kutxazain batean lehergailu bat jartzea leporatuta, Efe albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Andreuk Etxegarairen hitzak entzun ostean hartu omen du erabakia. Akusatua, gaur goizean, Auzitegi Nazionalaren inguruan atxilotu dute, epailearen aurrean borondatez jarri behar zenean. Erabakian, epaileak adierazi du Etxegaraik, Aitor Cotano algortarrarekin eta dagoeneko gertakari horregatik kondenatutako Orkatz Gallastegi berangoztarrarekin batera, "2002ko martxoaren 15ean Iturgitxi kalean kokatutako La Caixaren kutxazainaren ondoan lehergailu bat jarri zuela". Beti ere Efek adierazitakoaren arabera. Leherketak "hainbat kalte eragin zituen beiretan, esparruan eta etxebizitzen eraikin baten azpian kokatua zegoen kutxazainean ere".