Erakusketak ez dira faltako aurtengo Getxoko Komiki eta Manga Azokan. Bederatzigarren ekitaldian, zenbait egileren lanen inguruko mostrak egingo dituzte. Horrela, aurten, Javier de Isusi, Ken Niimura eta Angel Unzuetaren erakusketa monografikoak egongo dira. Halaber, Azokan Injuve Espainiako Gazteriaren Intitutuaren ilustrazio lehiaketan garaile atera diren lanak ere ikusteko aukera izango dute komiki-zaleek. Horrekin batera, Euskadiko Ilustratzaile Profesionalen Elkarteak (EIPE) eginiko "El Balanzin" aldizkariaren nondik norakoak ezagutzeko tartea ere egongo da. Gainera, udal erakustaretoetan eta Getxoko zenbait tabernatan komiki erakusketak jarriko dituzte. Horietan EIPEren zenbait kideen lanak egongo dira ikusgai, "El Jueves" aldizkariaren 25 azal onenenekin batera.
Bestalde, argitaletxeen eta egileen nobedadeak aurkeztuko dituzte azokan. Egunero hitzaldi eta mahai-inguruak izango dira ekitaldi aretoan, baita proiekzioak ere, zikloetan bilduta: multimediako lanak, izan animazioak, film laburrak, dokumentalak edo animeak, hurrenez hurren. Mangari dagokionez, jarduera ugari egingo dituzte hilaren 28an, igandean, horri eskainitako egunean.