Emakumeenganako indarkeriaren kontra hartu beharreko konpromisoak finkatu ditu Leioako gizon talde batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 25a, 12:20

Emakumeen kontrako indarkeriaren salaketak bi ildo nagusi izango ditu Leioan. Dagoeneko txarteltxoak bidaltzen hasi da leioaztarren etxeetara tokiko Udalak. Horietan, genero indarkeri kasua gertatzen denean eman beharreko pausuak (eta telefono zenbaki baliagarriak) zehazten dira, bai biktimen aldetik egin beharrekoa, bai gainontzeko herritarrek, lekukoak bihurtuz, egin beharrekoa. "Indarkeria sufritzen duten emakumeei bakarrik ez daudela adierazi nahi diegu", esan zuen prentsaurrekoan Isabel Garcia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Bestalde, aurtengo berrikuntza garrantzitsuena herriko 35 bat gizonek eratutako dekalogoa dugu. Duela urte pare bat Udalak elkartu zituen eta, guztien artean, indarkeria mota horren kontrako zer edo zer egin behar zela adostu zuten, Garciak azaldu zuenez. Horrela sortu da dekalogoa. Bertan, eurek gizon eta herritar modura genero indarkeriaren kontra egiteko hartutako konpromisoak azaltzen dira. Emakume zein gizonei arratsaldean helduko zaie salaketa egiteko unea: 18:30ean elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean. Argazkian, asteartean eman zuen azaroaren 25eko ekitaldien berri Garciak.

Gizonen dekalogoa berdintasunaren alde eta indarkeriaren kontra

1. Hartu zero tolerantziako jarrera gizonen emakumeenganako genero-indarkeriaren aurrean: “isiltasunak konplize bihurtzen gaitu”.

2. Hasi zure barruan balioak bilatzen eta berraztertzen, hartu aldatzeko jarrera emakumeekiko harremanetan.

3. Babestu emakumeen aldarrikapenak sexismoaren eta genero-indarkeriaren kontra. Adierazi publikoki zure jarrera.

4. Erraztu zure seme-alabak berdintasunean heztea, berraztertu haiekin duzun harremana.

5. Eskatu sostengu handiagoa ikastetxeen bidez berdintasun-balioetan heztea sustatzeko.

6. Hitz egin, adostu eta entzun zure berdinei, eta balioetsi direnagatik.

7. Parte hartu sentiberatzeko ekintzetan eta lagundu genero-indarkeriaren kontrako kontzientzia soziala sortzen.

8. Babestu udalerrian genero-indarkeriaren kontra abiatutako prebentzio eta hezkuntzako politika publikoak.

9. Parte hartu berariazko prestakuntza-ekintzetan eta sustatu esperientziak partekatu eta trukatzeko eremuetan.

10. Zaindu erakundeek gaiaren inguruan balio berriak bultzatzeko ekimenak burutu ditzaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun