Gogoz eta ilusioz beterik eman dio hasiera Uribe Kostako Koska irratiak 2010-2011 denboraldiari. Izan ere, joan den urteko irratsaioekin jarraitu eta saio berriei mikrofonoa pizteaz gain, urtebetetze borobil eta berezia ospatuko dute Koskako kide eta entzuleek denboraldi honetan. 10 urte betetzen ditu Koskak; “10 urte uhinetan. Eskerrik Koska” lelopean, egitarau oparoa prestatu dute datozen hilabeteetarako. Bihar bertan hasiera emango diote hamargarren urteurreneko ospakizunei. Herrien arteko elkartasuna ardatz izango duen lagun arteko kontzertua eskainiko du Rafael Amor kantautore argentinarrak, gaueko bederatzietatik aurrera, Itzubaltzeta gaztetxean. Amor, Koska irratiko aspaldiko laguna da eta beste behin ere, uhin askeen deiari erantzun dio, poema, aldarrikapen eta bizipenez beteriko emanaldia eskaintzeko. Abeslariaren estilo pertsonalarekin gozatu nahi dutenek, Gobelako metro geltoki ondoko zentro sozialera hurbildu besterik ez dute. Kontzertuarekin batera, denboraldi berria aurkeztuko dute. Umorea, Nafarroako historia zein Uribe kostako kirol taldeen emaitzak landuko dituzten irratsaioak entzun ahal izango dira aurten FMko 108.0n.
Jatorrizko hamaika irratsaio
Ekoizpen propioari dagokionez, joan den urteko zenbait proposamenekin jarraituko dute Koskan: "Finean nafarrak", historia saioa; "Munduko sustraiak", munduko musiken saioa; "Pastadun betaurrekoak", Euskal Herriko kultur eskaintza umorez lantzen duen saio gaztea; "Gazte uhinak", Algortako Gazte Asanbladaren irratsaioa; "Bashatee", barikuko gauak musika elektronikoaz bustitzen dituen saioa; "Ghetto magazine", kultura, jendartea eta politika ardatz dituena; eta "Asesino del Rock & Roll", rock musika darabilena.
Berrikuntzen artean, eskualdeko kirol taldeei errepasoa egingo dion "ArnasestUK" irratsaioa egongo da, asteazkenero, 21:00etan.
Informazioari dagokionez, Info7 irratiko albistegiekin egindako eguneroko konexioez gain, "Koskaberri" albistegian, Uribe Kosta eta Erandioko informazioa lantzen jarraituko dute, astelehenetik ostiralera, 20:30ak aldera. UKBERRI.NET eta Koska irratiaren arteko elkarlanari esker sortutako saioa dugu azken hori.
Bestalde, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa amaitu artean, igandean kanporaketa izanez gero, saio hori hurrengo ostiralean egongo da entzungai, 11:00etan. Tarteka, eskualdean izandako mahai-inguruak, hitzaldiak... eskaintzen ditu "Edukiontzia" saioan, Koska irratiak.
Kanpotik ekarritakoei dagokionez, "Resumen latinoamericano" saio internazionalista, Panpan ekoizten den "Planeta Musical Sur" eta Arrosa Irrati Saretik eskainitakoak ("Matxura buruan", "Bertxoko", "Aittita Raduga"...) entzun ahal izango dira.
Parte hartu!
Uribe Kostako herritarrek merezi duten irrati aske, euskaldun eta kontrainformatzaileak beste 10 urte bete ditzan, herritarren eta herri mugimenduko kolektiboen parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi izan dute Koskatik. Horregatik, urteurrenaren harira prestatutako ekimenetan zein irratiko egunerokotasunean parte hartzera animatu dituzte.