Gabonetako lanuzteen datak eztabaidatuko dituzte hurrengo egunetan metroko beharginek

Metro Bilbaoko enpresa batzordeak aho batez ezetzi zuen atzo Zuzendaritzak ezartzea erabaki duen Gabon-gaueko zerbitzua, beharginen "lan-baldintzen zein familia eta lana uztartzearen aurka" doalako. Horrenbestez, legez dagokien tokian salatu dute zerbitzu horren ezarpena: batetik, Lan Ikuskaritzaren aurrean, aipatu neurriak "hitzarmen kolektiboa eta lan-txanda banaketa urratzen duelako"; eta bestetik, Justizia auzitegian. Mobilizazio egutegiari dagokionez, gaur zortzi izango duten batzarrean emango diote azken ukitua, langileei kontsultatu ostean. Abenduaren 21eko Santo Tomas egunean, Gabon-egunean bertan edo bietan gelditzea aurreikusten dute sindikatuek. Argazkian, greba eguna Metro Bilbao garraio enpresan / cc-by-sa Koska irratia.

Bestalde, langileei ere zuzendu zaizkie sindikatuek: "denok izan behar dugu argi legez kanpoko zerbitzua dela eta, hartara, boluntario egitea enpresaren alde eta langileon eskubideen aurka jartzea dela", adierazi dutenez. Gabon-gauean, goizaldeko ordu batetik goizeko hamarretara jarri nahi ditu trenak Metro Bilbao garraio enpresak. Maiztasuna hamar minutukoa izango litzateke enborrean (San Inazio-Etxebarri) eta hogei minutukoa itsasadarraren eskuin eta ezkerretako adarretan. Horretarako, ordezko langileak edo boluntarioak erabili nahi dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun