"Pelele" deitzeagatik barkamena eskatu dio Patxi Lopezi Leioako alkateak

Patxi Lopez lehendakariari "pelele" deitu dio Eneko Arruebarrena Leioako alkate jelkideak, Twitter sare sozialean daukan kontuan. Orain 23 ordu zera aipatu du tokiko agintariak, espainolez: "Baten bat konturatu al da Patxi Lopez Lehendakari hitzen akronimoa (PLL) zelan ahoskatzen den? Pelele: pertsonai horren definizio bikaina...". Elhuyar hiztegiaren arabera, euskaraz ondoko adierak ditu "pelele" hitzak: "inozo, sinple, txotxongilo...". Bada, horretaz jabetuta, "bere alderdiaren lerroetan lehendakariaren kontrako irain kanpaina isilaraztea" eskatu dio (espainolez) Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteari PSE-EEko Exekutibak. Dagoeneko Leioako alkateak barkamena eskatu die lehendakariari eta minduta sentitu direnei, berriro ere "sarearen bidez". Argazkian, Eneko Arruebarrena Leioako alkatea.

Berriro ere espainolez ondokoa adierazi du orain 20 minutu, Twitter bidez, Eneko Arruebarrenak: "Hanka sartzea onartzen dut. PLLrena graziarik gabeko eta okerreko komentario bat izan zen. Sarean, publikoki eskatu nahi diet barkamena lehendakariari eta minduta sentitu direnei". Bestalde, sarean ere Imanol Landa Getxoko alkateak "botatzen dituenak" salatu ditu PSE-EEko Exekutibak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun