Jose Vicente Ojinaga Alternatibako zinegotziak ere elkartasun osoa adierazi zien Iontxu Etxegarairen senide eta lagunei. Gabi Basañezen aldeko moziora bueltatuz, ondoren eztabaidatuko ziren beste bi proposamen izan zituen aipagai Leire Pinedo EAko zinegotziak, ezbaian zegoena "giza eskubideak" zirela adierazteko. Askapeneko kidearen aldeko mozioa babestu ez zuten arren, 12 urtetik hona AEBetan bost kubatar preso dituztela salatzeko zein Mendebaldeko Saharan gertatutakoa gaitzesteko eskaerei baietza emateko dudarik ez zuen izan EAJk eta PSE-EEk. Bitartean, Berta Rodriguez PPko ordezkariak "injerentziatzat" jo zuen Sopelako Udalbatzak AEB bezalako atzerriko herrialde baten prozesu judizialari buruzko iritzia ematea. Sahararren aldeko mozioari, ordea, baiezkoa eman zion.
Sopelako Udalbatzak atzo onartutako mozioa:
Duela aste batzuk, Gabi Basañez eta Askapeneko beste kide batzuk atxilotu eta espetxeratu zituzten. Gabik Sopelarekin lotura handia du eta bere lana guztiok ezaguna da.
Bestalde, Euskal Herrian bakea eta benetako demokrazia lortzeko urrats garrantzitsuak ematen ari dira. Beraz, distentsiorako eta ezberdinen artean zubiak eraikitzeko unea da.
Hau dela eta, gure auzokideon atxiloketak eta une honetan gertatzen ari diren jazarpen judizialak, polizialak eta bestelakoak behin betiko desagertu behar direlakoan gaude. Guztion konpromisoak beharrezkoak dira. Guztion ekarpen eraikitzaileak ezinbestekoak dira. Herritarron borondate askea dema politikoak bideratzeko epaile bakarra izan behar du.
Aro berria zabaltzen ari da gure herrian eta Gabirekin eta beste askorekin gertatu dena ez da etorkizun pozgarri horrekin bateragarria.
Hau guztia dela eta, Sopelako Udal Bilkurak ebazpen hauek hartzen ditu:
1.- Gabi Basañezen eta bere kideen lan publikoa, zilegia eta demokratikoa ez daiteke delitutzat har, beraz hauen askatasuna eskatzen dugu.
2.- Udal Bilkura honek gure herriaren etorkizun askea, demokratiko eta baketsuarekin bat egiten du. Hori gauzatze aldera Gobernuei, alderdi politikoei, erakunde armatuei eta gainontzeko eragile guztiei, indarkeria eta inposizio mota guztiak desagerarazteko erabakiak har ditzaten eskaera egiten die. Herriaren hitza, benetako askatasuna eta proiektu guztien aukera berdintasuna ezinbesteko osagarriak dira etorkizun berri horren orubea eraikitzeko.
3.- Udal Bilkura honek, Gabiren askatasuna eskatzeko eta errepresioa etetearen beharra eskatzeko azaroaren 28an burutuko den manifestazioarekin bat egiten du eta Sopelako herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatzen die.
4.- Erabaki hauek Gabiren familiari helarazteaz gain, Espainiako eta Frantziako barne Ministerioari eta Gobernu Lehendakaritzei helaraziko zaizkie.
Ikusi Gazte Asanblada Sopeloztarrak plazaratutako bideoa: