Leioako Udalak kontsumo arduratsu eta iraunkorragoaren aldeko praktika eta jarrerak bultzatu nahi ditu,
Herrigune egitasmoaren bitartez. Ildo horretan, bihar, larunbata, Kontsumo Iraunkorraren Azoka egingo dute, 11:00etatik 14:00etara, Euskal Etxeen plazan. "Baliagarriak izan arren, erabiltzen ez ditugun objektu guzti horiek partekatzeko topagune izan nahi du", udal iturriek aipatu dutenez. Baina, gaineratu dutenez, "ez da trukaketa hutsa, hori baino askoz ere gehiago da. Kontsumoaren espiralaren aurrean, aukera paregabea da esperientzia komunitarioa bizitzeko eta beste mundu bat posible dela frogatzeko". Aurtengo edizioa seigarrena da eta, berrikuntza gisa, Herriguneren webgunean On Line Azoka Iraunkorra atala jarri dute martxan. Bertan, objektuak bilatzeko edota eskaintzeko aukera egongo da urte osoan zehar, dirurik erabili gabe. Gainera, liburuak partekatzeko "bookcrossing" sistema bat ere jartzekotan daude. Argazkian, biharko azoka iragartzeko, Leioa apaindu dute aste honetan / cc-by-nc-sa Herrigune Leioa.