Gabi Basañez eta Ion Etxegarairen askatasuna aldarrikatu dute Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 28a, 19:52
"Gabi etxean nahi dugu!" herri ekimenaren deialdiari erantzunez, 400 herritar inguruk egin dute manifestazioa, gaur eguerdian, Sopelako kaleetan. Hain zuzen, Askapenaren kontrako polizia operazioan atxilotutako uribekostarraren alabaren ikaskideen aita-amek eutsi diote "errepresioarekin amaitzea" ere eskatzen zuen pankartari. Dozenaka eragile eta norbanakoez gain, ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Berdeek bat egin dute martxarekin, Sopelako Udalbatzak ostegunean onartutako mozioarekin bezala. Baina, azken egunetako gertaerak kontuan hartuz, gaurko manifestazioan, bigarren pankarta batek jarraitu dio Gabi Basañezen aldekoari; Ion Etxegarai askatzea eskatzen zuena, alegia. Aipatu gazte sopeloztarraren lagunek eutsi diote horri. Etxegarai asteazken arratsaldean atxilotu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren inguruan, Madrilen, bere kabuz epailearengana aurkeztera zihoanean. Fernando Andreu magistratuak kartzelara bidali zuen, 2002ko martxoaren 15ean Algortan kutxazain automatiko bat erre izana egotzita. Madril aldeko Soto del Real espetxean daukate. Basañez, berriz, Alcalan dago.
Bertsolariek (mp3) kantatu eta bi lagunek adierazpena (mp3) irakurri ostean, "Eusko gudariak" abestuta bukatu da gaurko protesta.

Gabi Basañez eta Ion Etxegarairen aldeko manifestazioa iruditan:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun