Bihar, azaroak 30, Ander Deuna eguna ospatuko dute Barrikako Goierri auzoan. Horrenbestez, 11:00etan meza egingo dute tokiko elizan. Hori bukatuta, ohorezko aurreskua dantzatu eta, ondoren, bertso saioa eskainiko dute Xabier eta Miren Amurizak, 11:30ean. Azkenik, 12:00etan, hamaiketakoa izango da. Hala ere, mezaren ordutegia ez ezik, gainontzekoak erabat lotuta ez daudela eta aldaketak izan daitezkeela ohartarazi dute udal iturriek. Baina, Sopelako Udalak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu, Ander Deuna eguna ospatzeko. Horrenbestez, 11:00etan abiatuko da Barinatxe txistulari taldearekin kalejira, udaletxetik baselizara bidean. Bertara helduta, 12:30ean, ohorezko aurreskua dantzatu eta, hamaiketakoarekin batera, erromeria izango da. Ohiko lez, baselizara joan zein herrigunera itzultzeko autobus zerbitzua jarriko dute. Urbaso kafetegi aurreko bus-geltokitik abiatuko da hori, 11:15ean eta 11:30ean. Ekitaldiak bukatutakoan. berriz, 13:30ean eta 13:45ean egingo du buelta. Argazkian, Ander Deuna baselizan egiten dute hilaren 30eko festa sopeloztarrek / © Sopelana.net.