Ostegun goizeko hamarrak aldera, Ertzaintza patruila batek matrikula-plakarik gabe zihoan ibilgailu bat atzeman zuen Basauriko Zabalandi auzoan dagoen gasolindegi batean. Gidariak hornigailuetako baten aurrean aparkatu zuenean, poliziek hura identifikatu zuten. Hala, gizonezkoak gidabaimena indarrean ez zeukala baieztatu ahal izan zuten. Gainera, bastidoreko zenbakia aztertu ostean, automobila lapurtua zela jakin zuten ertzainek, Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Halaber, gizonezko hura bilatzeko agindu bat zegoela baieztatu zuten, urriaren 27an Enekuri mendateko gasolindegi batean egindako lapurretan parte hartu zuelakoan. Polizia iturriek adierazi dutenez, egun hartan, gaueko hamarretan, hiru gizon ibilgailu batean bertaratu ziren zerbitzugunera eta, langilea burdinazko barra batez beldurtuz, kutxa erregistratzailea ostu zuten.
Lapurretarako erabili zuten ibilgailua Ortuellako aparkaleku batean aurkitu zuten, erreta. Gertakaria jazo ostean, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Lan horren ondorioz, 27 urteko gizon bat identifikatu egin zuten horretan parte hartu zuelakoan, baina ez zuten hura aurkitzerik izan. Barakaldon, urriaren 22an, ibilgailu-lapurreta salaketa jarri zuten, eta, ondorioz, azken gertakari hori argitzeko ikerketan horren egilea gizon berbera zela susmatu zuten.