Epaiaren zain gelditu da gaur Arkaitz Goikoetxea preso politiko getxoztarrari eta Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez algortarrei Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa. Berez, ostegunean amaitu behar zuten, baina azken saioa atzeratzea erabaki zuten, Blanca Rodriguez fiskala "ahotsik gabe" omen zegoelako. Aipatu letraduak 534 urteko zigor eskaera berretsi du gaurkoan Goikoetxea eta Cotanorentzat, 2008ko maiatzaren 14an Legutioko Guardia Zibilaren kuartel-etxearen kontrako atentatuan parte hartzea egotzita; nahiz eta
epaiketaren lehenengo saioan alde guztiek baieztatu zuten, gertaeren egunean aipatu bigarren mutila Palermora (Italia) bidean zela bere neskalagunarekin. Gutierrezentzat, berriz, 8 urteko kartzelaldia eskatzen du, ETAri laguntzea egotzita. Atentatuan Juan Manuel Piñuel sarjentua hil eta 26 lagun zauritu ziren, guardia zibilen senideak tartean. Argazkian, auzokideak Cotano eta Goikoetxearen irudiak sostengatzen, aurreko batean.