Atzo, igandean, amaitu zen Getxoko bederatzigarren Komiki eta Manga Azoka. Hiru egunetan zehar, guztira, 22.000 lagun bertaratu dira antolatutako jarduera anitzetara zein Areetako Xake plazan zeuden 80 salmenta postuetara,
Getxoko Kultur Etxeak adierazi duenez. Ohi denez, ospe handiko egileak egon dira bertan. Horiek guztiak hitzaldietan eta aurkezpenetan aritu dira, baita hain arrakastatsuak diren sinatze-txandetan ere. Horrela, zaleek gustuko autoreak zuzenean ezagutzeko aukera izan dute. Aurten Gilbert Shelton, Frederik Peeters eta Stuart Immonen egon dira Areetan, besteak beste. Halaber, aipatzekoa da Antonio Altarriba eta Paco Roca artisten parte-hartzea. Lehenengoari Espainiako Komiki Saria eman berri diote, Kim ilustratzailearekin eginiko "El arte de volar" lanarengatik. Bigarrenak, iaz Espainiako Komiki Saria jaso zuenak, "El invierno del dibujante" bere azken lana aurkeztu du Getxoko Komiki Azokan. Horiekin batera, Ken Niimura, Angel Unzueta eta "El Jueves" aldizkariaren egileetako batzuk ere izan dira ferian. Azken aldizkari hori omendu zuten, bere jarduera dela eta; baita Radio Euskadiren "Pompas de papel" irratsaioa ere, komikiaren mundua hedatzeagatik. Argazkian, Komiki Azokara mozorrotuta hurbildu ohi da jendea / © Getxoko Udala.