Getxokoa diruz lagundutako sarrerak dituen akuario txikia da, bisitariak hartzeko kopuru mugatua du eta ez du ikasgela didaktikorik. "Hala eta guztiz ere, publikoarentzat egoera onean zabalik eduki ahal izateko ahalegin handia eskatzen duen instalazioa da eta bertan bizirik dauden animaliak zaintzeko ere lan handia eta langile adituak eskatzen ditu, horietako batzuk planetako animaliarik ahulenak baitira", azaldu dute udal arduradunek. Tokiko iturrien arabera, Getxo Aquariumek "krisiaren ziztadari aurre egin dio 2010ean". Aurtengo udan, bisitarien kopurua %25 handitu da 2009ko udaldiko zenbakiekin alderatuta. Aurten (urria arteko datuei dagozkienez) 17.000tik gora bisita izan dira, Udalak emandako datuen arabera. Orotara, ireki zenetik, 20.000 eskola-ume baino gehiago igaro dira bertatik, irakasleekin batera; eta, horiekin batera, beste 150.000 lagun.
Ordutegia eta sarrerak
Kirol Portuan lekutzen den akuarioan 24 andel eder daude espezie eta jatorri desberdineko arrainez lepo, eta beraietan itsasoko ingurune eta biotopo asko erreproduzitzen dira, Bizkaiko Golkoan eta itsaso tropikaletakoak. "Akuarioko hain kalitate eta egoera oneko bilduma bezalakoa estatu espainiarreko beste instalazio batzuetan ikustea, bereziki ornogabeena bezalakoa, oso zaila da", adierazi dute Udalekoek. Akuarioaren ordutegia ondokoa da: asteartetik igandera, goizeko 10:30etik 14:00ak arte, eta 16:30etik 20:00ak arte. Astelehenetan itxita egoten da, jaiegunetan eta zubietan izan ezik. Txartel-leihatila 19:30ean ixten dute. Sarrera arrunt batek 3 euro kostatzen du, 14 urtetik gorakoentzat; 2 euro, 14 urtez azpikoentzat; eta 2,5 euro pentsionista, erretiratu eta pertsona elbarrituentzat.